Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneaz

HISTORIA PIXKA BAT

2001-2002 ikasturtean Euskara batzordeak zeuzkan funtzioei eta eduki beharko lituzkeen funtzioei buruz askotan jardun genuen. Eztabaida hauek, beste zenbait konturen artean, Oiartzunen euskarak zituen behar batzuk azaleratu zituen. Hau da, euskararen alde lanean ziharduten taldeen artean elkarlana behar zela ikusi genuen. Garai bertsuan, 2002ko martxoaren 7an, herriko lau euskaltzalek (Ane Lardik, Arantxi Iragorrik, Libe Ibañezek eta Aitziber Arnaizek) deituta kafe tertulia egin genuen Oiartzun Irratiaren egoitzan. Bileratxoaren helburua zenbait kezkaren inguruan hitz egitea zen, eta horretarako euskararen alde lanean ari ziren herriko talde eta norbanakoei gonbidapena egin genien. Kafe tertulia hau gaur egungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunearen sorrera gisa ikus daiteke.

PARTAIDEAK

Lehenik eta behin, argi utzi behar dugu bilgunean parte hartzea librea izateaz gain eskertzekoa dela. Baina partaideak ugaritzeko egindako hainbat saiakeraren ostean, talde eta norbanako hauek osatzen dute, gaur egun, bilgunea:

Euskal Herrian Euskaraz, Oiartzun Irratia, Intxixu AEK euskaltegia, Euskeran Itotiyak eta hainbat euskaltzale. Hala ere, gure ibilbide txikian partaide gehiago izan ditugu, eta izango ditugu, noski.

LAN EREMUA

Lehentasuna bilgunea osatzen duten taldeen arteko elkarlana da. Bilgunea sortu arte, euskalgintzan aritzen ziren elkarteak eta erakundeak bakoitza bere aldetik aritzen zen. Asko jota ondokoari mesedeak eskatzea izaten zen harremana. Egun, elkarlanean aritzeko dinamika sortu dugu eta honek bilguneari bestelako funtzioak eman dizkio. Beraz, TTUR-TTUR hauxe da:

  • Elkarlanerako gunea
  • Hausnarketarako eta eztabaidarako gunea.
  • Egitasmo berriak sortzeko gunea.
  • Euskararen normalkuntzan herrian zein nazio mailan sortu daitezkeen egitasmoei aurre egiteko gunea.

Antolatzen diren ekintzak honakoak dira:

  • Txerri eguna (Santo Tomas inguruan)
  • Udazken jaia: TTUR-TTUR E.B.ren urteurrenaEuskara denon konpromisoa
  • Hizkuntza eskubideen defentsa (Behatokia gizarteratzea)
  • Ahozko ondarea jasotzeko egitasmoa (web atari honetan zure esku jarri duguna).
  • Motibazio saioak DBH3 eta DBH4ko ikasleentzat
  • Gurasoentzako jolas eta kantu tailerra.
  • KUADRILLATEGI egitasmoa.
  • Herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa.
  • Merkataritzan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa.

Ardura eta egitasmo mardulak dauzka esku artean, beraz, Ttur-tturrek. Garai bateko kafe tertulia hark hazi osasuntsua erein zuen seinale. Ea luzaroan ematen duen uzta!