Gaztelumendi Urruzola, Maritxu


Helbidea (Oiartzun)
Jaiolekua Aroxkene (Karrika)
Noiz jaioa Ig, 07/17/1938 - 00:00
Biografia

Oiartzungo Karrika auzoko Aroxkene baserrian jaio zen, 1938ko uztailaren 17an. Aroxkene baserrikoa bertakoa zuen aita, eta Errenteriako Egiburu baserrikoa ama. Ahizpa zaharragoa eta bi anaia gazteago izan ditu Maritxuk. 22 urte inguru zituela kalera joan zen bizitzera familia guztia, Karrika auzoan bertan. Eskola garaian, etxeko lanetan laguntzen eta esne partitzen ibili zen. Zerbitzari lanetan jardun zuen gaztetan, Gurutze auzoko jatetxe batean hasi eta Errenteriako Panierren, Maria Cristinan, Igeldon, Fagollagan zein Epeleko Etxeberrin ere aritzeraino. 24 urte inguru zituela, ordea, administrazio ikasketei heldu zien Maritxuk, eta ikasi bitartean, haurrekin irakasle aritzeko aukera sortu zitzaion, Errenterian lehenik, eta hazten ikusi zuen auzoan bertan gero, Oiartzungo Karrikan, hain zuzen. Karrikan kultur sustatzaile lanetan ere jardun zuen, dantza taldea eta beste hainbat kultur adierazpen bultzatuz, eta gaur egun Karrikan den Artaso Elkartea abian jartzeko lehen pausoak eurek eman zituzten, gerora auzolanean altxatua izan bazen ere. San Migel patronatuan hasi zen lanean gero, eta  Villabonara ezkondu zen; bertan zazpi urte inguru egin eta Oiartzunera itzuli zen bizitzera, Ugaldetxo auzora, senarra eta bi semerekin. Oiartzunera itzuli eta gerra aurreko “poxpolinak” berreskuratze lanetan jardun zuen, Jon Oñatibia idazle eta txistulariak abiatutako asmoa gauzatuz. Hiru liburu ditu idatziak eta bere kontura argitaratuak: `Karrika Xabaleko aritz-ondotik´ (2004), `Poxpolinak´ (Jon Oñatibiaren oroimenez) (2004) eta `Aitona sutondoan ipuin kontari´ (2014).

Elkarrizketak OIA-118, OIA-119, OIA-122, OIA-123, OIA-124, OIA-125, OIA-126, OIA-127