Hiztegia

SARRERA

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak 2006an jarri zuen martxan "Oiartzuarren Baitan" egitasmoa, Oiartzungo Udalaren babesarekin eta laguntzarekin. Ahozko ondarea biltzea eta hedatzea zen helburua. Hainbat harritarren lekukotasunak grabatu genituen eta ondare horretatik ideia edo proiektu asko sortu ziren; batzuk oraindik martxan jarri gabeak eta beste batzuk martxa ederra hartu dutenak.

Martxa hartu duen proiektuetako bat da hementxe aurkezten duguna: Oiartzungo hizkeraren lehen hiztegi digitala. Oraindik lan handia dugu egiteko, hiztegia ez dago bukatua, baina dagoeneko hemen dauzkagu egindako lanaren lehen fruituak. Gainera, hiztegia

ZENBAIT AZALPEN

Ideiaren jatorria

"Oiartzuarren baitan" egitasmoa kezka batetik sortu zen. Bagenekien hizkera aldatzen ari zela eta horrexegatik ekin genion grabaketa lan honi, nafarra zen eta gipuzkoartzen ari zen oiartzuera jasoa gelditzea nahi genuelako. 2006an herriko helduei elkarrizketak egiten hasi ginenean ohartu ginen ahozko ondareaz gain ondare historikoa ere biltzen ari ginela. Grabaketa ordu asko jaso genituen eta material guztia erabilgarria izan zedin mozketak, kodifikazioak eta beste hainbat lan tekniko egin behar izan genituen.

2008an, materiala antolatu genuenean, web orri bat sortu genuen: www.oiartzuarrenbaitan.com. Gure ustetan hain aberatsa zen materiala herritarren esku jarri nahi genuen eta horretarako sortu genuen web ataria. 2008az geroztik edozeinek entzuteko, ikusteko eta eskuratzeko moduan egon da materiala. Baina guk barne lanean jarraitu dugu.

2006an grabatutako elkarrizekta horiek txukuntzen ari ginela (transkribatzen, antolatzen) ohartu ginen gure hizkeraren bereizgarri ziren forma asko ari ginela topatzen. Eta pentsatu genuen: nola aurkituko ditugu berriro forma hauek denak, hainbeste grabaketa orduren artean? Eta, horrela, beste kezka batetik sortu zen gure proiektu berria: Oiartzueraren hiztegia.

Lehen urratsak

Baina, nola egiten da hiztegi bat? Elkartean ez zen horretan aritutako inor eta lan hauetan eskarmentua zuen norbaitengana jotzea erabaki genuen. Hala, Badihardutu elkarteko kideengana joan ginen ate joka.

Haiek emandako aholkuetatik abiatuta zenbait erabaki hartu genituen eta hiztegiaren irizpideak zehaztu genituen:

  • Hiztegi partziala: Bi aukera daude, hiztegi partziala edo osoa egitea. Alegia, hiztegiak Oiartzungo hitz bereziak bakarrik hautatuko dituen edo hitz guztiak sartuko genituen erabaki behar genuen. Guk partzialaren alde egin genuen: Oiartzunen erabiltzen diren hitz bereziak bakarrik hartzea hiztegirako sarrera gisa.

  • Hiztegiko sarrerak hartzeko irizpideak: Batetik, Oiartzunen ohikoak diren hitzak, dialekto guztietan erabiltzen ez direnak, baina Oiartzundik kanpora ere erabiltzen direnak (zarrakua, aztala, manki nazu, aieka...). Bestetik, euskara batuan erabiltzen diren hitzak, baina Oiartzunen beste esanahi batekin erabiltzen direnak (heldu naz, "nator" adierarekin eta ez "iritsi" esanahiarekin). Erdaratik hartutako formak eta oiartzueraz beste esanahi bat dutenak ere bildu nahi genituen (konpaziyo batea, "adibidez" esateko). Azkenik, azentuagatik bereizgarriak diren formak ere jaso nahi genituen (básua "edalontzia" vs basúa "oihana").

  • Sarrerak eta azpi-sarrerak: Forma batzuk sarrera propioa izango zutela adostu genuen, baina beste batzuk azpi-sarrerak izango zirela. Adibidez, arta-jorra forma azpi-sarrera litzateke, baina adarra jo forma sarrera (eta ez adarra formaren azpi-sarrera). Forma batek sarrera propioa izango duen edo azpi-sarrera izango den erabakitzeko, oro har, irizpide hau jarraitzea erabaki genuen: hitzak edo esaerak gaztelaniaz ordain propioa badu sarrera izango da, bestela azpi-sarrera.

  • Aditzen kasuan: Hiztegian aditz forma bat sartzen genuenean zein aditz laguntzailerekin erabiltzen den zehaztuko genuela erabaki genuen. Hartara, erabiltzaileak aditza iragankorra edo iragangaitza den jakin ahal izango du (joan da, lortu du, heldu da, heldu du...).

  • Sarreren fitxak: Eta sarrera bat jasotzen dugunean, zer zehaztu behar dugu fitxan? Ideia asko geneuzkan, baina honako hauei eman genien lehentasuna: Sarrera mugagabean, sarrera mugatuan, azentua (bereizgarri den kasuan), kategoria gramatikala, aldaera, batuko ordaina eta erdal ordaina. Beste ezaugarri hauek gehitzeko asmoa ere badugu: izen zientifikoa (badagoen kasuetan), sinonimoak eta erabilera maiztasuna.

Hiztegiaren izaera berezia

Gure hiztegia berezia dela uste dugu. Izan ere, herriko helduen lekukotasunetatik abiatzen da. Hau da, ez ditugu sartzen burura etortzen zaizkigun forma guztiak; lekukoen ahotan entzuten ditugunak baizik. Honek badu gauza onik, baina baita txarrik ere. Ona du, edozein sarrera kontsultatzeko fitxan sartzen garenean forma lekukoen ahotan entzuteko aukera dugula. Hau da, adibidea idatziz ikus genezake, baina baita nola esaten den entzun ere. Txarra du, oraindik forma asko ditugula hiztegian sartzeko. Forma batzuk oraindik ez ditugu entzun eta beste asko, ziurrenik, ez ditugu grabazioetan jaso. Oraingoz 1200 sarrera baino gehiago jaso ditugu, baina askoz gehiago jasoko ditugu!

ITURRIAK

  • Iturri nagusia: Oiartzuarren Baitan egitasmoak berak egindako elkarrizketa berrien transkribaketak (dagoeneko egindakoak eta etorkizunean egiteke daudenak). Eta herrian aurretik egin izan diren grabazio zaharren bildumatik jasotako lekukotasunak (Oiartzun Irratia, Iñaki Arbelaitz, Filologia ikasleak, e.a.).
  • Gehigarriak:
    • Fraile Ugalde, Idoia eta Ainhoa. Oiartzungo hizkera. Oiartzungo Udala. Mugarri saila (1996).
    • Euskaltzaindia. Variedad de Irún. Subvariedad de Oyarzun". Euskaltzaindia
    • Zuazo, Koldo. Euskalkiak. (mapa)
    • Herri jakintza: guk dakizkigun hitzak (etxetik jasoak), gure aldetik biltzen ditugunak, herritarrei galdetutakoak, herritarrek egindako iradokizunak...

ESKERRAK

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan lagundu gaituzten guztiei. Hiztunei eta euren familiei, etxeko ateak irekitzeagatik. Proiektuan sinetsi zutenei eta sinesten dutenei (norbanako zein eragile). Oiartzungo Udalari, proiektua bultzatzeagatik eta finantzatzeagatik. Aholkulari lanetan aritu direnei (Badihardugu elkartea eta Koldo Zuazo). Oiartzuera Taldeko kideei, hartu-eman eder honengatik. Ttur-tturreko kide guztiei (batez ere Oiartzun Irratikoei, kontu tekniko guztiengatik). KAM enpresari, eduki duten pazientziarengatik. Eta aipatu gabe utzi ditugun guzti-guztiei (seguru asko direla!).

Proiektu herritarra da hau eta halaxe izaten jarraitzea nahiko genuke. Horretarako herritarren partehartzea ezinbestekoa da eta web atari honek eskaintzen du horretarako aukerarik. "Gure etxean hitz hau ez da horrela esaten", "hitz hau sartzea falta zaizue", "aditz honek aldaera hau du"... Edozein ekarpen ongietorria izango da. Animatu eta lagundu hiztegia osatzen!