Hiztunak

Saizar Lopetegi, Lorentxa

1927/08/10 - Lezo

Lorentxa, Lezoko Maintzine baserrian jaio eta Aranera ezkondu zen, bertako Piorekin, Inaxiren anaiarekin. Piorekin ezkondu zenean, Aranen, Pioren beste bi senide eta izeba bizi ziren. Bost seme-alaba hazi ditu bertan, eta, senarra lantegira joaten zen bitartean, berak baserriko lanak egiten zituen. Oraindik ere Lezoko hizkera eta ahoskera gelditzen bazaio ere, oiartzuera ongi ikasi du eta Oiartzun bera ere bertako edonork baino hobeto ezagutzen du.

Unsain Aizpurua, Dolorex

1935/10/07 - Iturriotz

Iturriozko Anatxuri baserrian jaio zen Dolorex, 20 urte ingurura arte bertan bizitu zen. Gero Altzibarrera ezkondu zen eta geroztik Atzibarren bizi da. Hizkera ere oso aberatsa du eta kontalari bikaina. Kontu zahar asko dakizki eta aipatzeaz gain, aski ongi azaltzen ditu, oraingo gazteek ulertzeko moduan. Bizimodu gogorra edukitakoa baina baikortasunez eta umorez kontatzen duena. Aita argi linearen mantenuan ibiltzen zen eta berari laguntzen aritzen zen. Gizona erlojerua zuen.

Unsain Iartzabal, Domi

1949/06/12 - Iturriotz

Domi, Iturriozko Beltzenen jaioa eta Sarasenen hazia da. Bere lagunak ez bezala, bera mojetan ibilia da kalean. Aski ederki ezagutzen du Tronpeoko malda. Lagunak, ordea, oraintxe bezalaxe, Iturriotzen zituen orduan ere.

Urbieta Enbil, Pepi

1949/10/09 - Oiartzun

Oiartzunen jaioa 1949an. Bi senidetan nagusiena. Gurasoak ere oiartzuarrak zituen. Amak baserrian lan egiten zuen eta aitak, berriz, Errenteriako "La Papelera" lantegian. Pepik administrazioan lan egin izan du. Jesus Garcia arabarrarekin ezkondu eta bi seme izan zituen.

Urritegi Artola, Pili

1945/10/07 - Ergoien

Ergoiengo Tomasenborda baserrian jaioa da Pili; nahiz eta ezkondu ezkero Altzibarko Osabane etxean bizi den. Gaztea da Pili, baina hizkuntza arrunt aberatsa darabil. Baserritarra izaki gauza asko daki gaiaz: tresneria, abereak, lana ... Horrez gain, makina bat kontakizun xelebre, esaera zahar, sorgin kontu ... dakizki eta grazia berezia du kontatzeko. Bere aita, Pillipo bezala ezaguna herrian, ere halakoxea zen. Herriko zahar asko gogoratzen da Piliren aitaz bere bertso eta ateraldiengatik. Alaba, Pili, ere horrelakoa dugu; erantzuna beti prest duen horietakoa.  

Zabalegi Lazkanotegi, Joxepa

1916/03/21 - Altzibar

Joxepa Altzibarko Martinmotzenen jaioa zen, eta bertan bizitakoa, Arandaranera ezkondu zen arte. Bederatzi senide izaki, lan asko egina zen ttikitatik, baserrian bezalaxe kanpoan ere. Martinmotzenen tolarea zeukaten eta jende asko pasatzen zen bertatik. Joxepak lana egin behar izaten zuen eta ezin izaten zuen egunero joan eskolara. Maistrak errieta egiten zion horregatik; izan ere, eskolarako asko balio zuena zen. Gero ere, Arandaranera ezkondu berritan, auzoko haurrei eskola emana da Aizegainen.

Zabaleta Labandibar, Joxe

1929/10/29 - Donostia

Karrikako Etxeberrikoa bazen ere, berez, Donostiako Mirakruzen jaioa zen Joxe. Baina oso gaztea zela etorri zen familia bertara. Ama zuten Etxeberrikoa. Karrikara bizitzera etorri baino lehen ere, eskolako oporrak Altzatxikin pasatzen zituen Joxek. Ama ez omen zen oso gustura etorri, baina beraiek honera eginda zeuden eta ez zuten mirarik egin. "Kastillano burro" deitzen omen zioten Karrikan, eta gero zer da, eta erdaraz ahaztu. Edonork esango zuen Joxe donostiarra zela: Oiartzungo bazterrak beste inork baino hobeto ezagutzen zituen eta baserrian ez ezik, mendian ere lan asko egina zen. Urte gehienak Diputazioan egin zituen, errepideak konpontzen, baina lantegi askotatik pasatakoa zen, 14 urtetarako lanean hasia baitzen. Oiartzuar petoa bagenuen ere, hitz batzuetan gipuzkera kutsua nabaritzen zitzaion.

Zalakain Irastortza, Roxario

1923/03/01 - Iturriotz

Roxario Iturriozko Martiagirrenen jaioa da, beste zortzi seniderekin batera. Aita ferratzailea zuten, baina bere lana ez zen nahikoa hainbeste haurrei jaten emateko, eta gazte-gaztetatik hasi behar izan zuten senideek etxetik kanpo lanean. Bera hamabi urtetarako hasi zen Aduriz sagardotegian lanean, eta hantxe ibili da lan eta lan, erretiratu arte. Egunero-egunero joaten zen lanera, baina, gaztea izaki, igande eguerdian lana bukatu orduko han joaten zen lagunekin Txikierdiko bilerara. Gauza gutxirekin ilusioa izaten zutela nabarmendu digu Roxariok, eta lana besterik ezagutu ez duen emakume honi umorea gordetzen duela igerri diogu guk.

Zubialde Olaskoaga, Kaxilda

1911/04/09 - Ergoien

Kaxilda ergoiendarra zen, Txanpañen jaio eta bizitakoa. Gaztetan kaleko Ollarragirrera etorri ziren eta handik ezkondu zen plazara. Ergoiengo Garatekoa zuen senarra, arotza. Txanpañe Aierdiren ondoan dago, eta Aierdi eskola zen. Hori dela eta, auzoko bere adineko haurrekin harreman handia eduki zuen Kaxildak. Plazan bertan bizitakoa izaki, Oiartzungo gertakari nagusien lekuko bikaina genuen Kaxilda. Bere garaiko beste askoren modura, gauza onak baino txarrak gehiago pasatakoa zen, baina umore onari eutsi izan zion beti.