Hiztunak

Mujika Ezponda, Mañoli

1931/01/01 - Oiartzun

Herreran jaio zen 1931n. Lau senidetan bigarrena. Aita donostiarra zuen eta ama, berriz, Oiartzungoa. Hiru urte zituela, gerra zela-eta, Bilbora joan ziren ihesi. Ama bertan hil zitzaien 29 urterekin. Handik Grenoblera (Frantzia) bidali zuten eta bost urte inguru egin zituen bertan. Gerra bukatu zenean, aitarengana itzuli behar izan zuen, baina berak ez zuen nahi, dagoeneko Grenoblen etxekotuta zegoelako. Gainera, frantsesez besterik ez omen zekien. Frantziatik itzuli eta Herreran pasatzen zuen astea; asteburuetan Oiartzunera, amonaren etxera. 14 urterekin neskame lanetan hasi zen Oiartzungo Karrika auzoan. Gerora taberna eta denda izan zituen. Oiartzungo Jose Luis Olaziregirekin ezkondu eta bi alaba izan zituen.

Oiartzabal Egiguren, Joxepa

1925/02/12 - Oiartzun

Arditurriko Soroeta baserrian jaioa, aita bertakoa zuen. Meategiko arduradunetako bat zen. Hiru senide ziren. Mojetan ikasi zuen, eta 14 urterekin Arantzara joan zen neskame. Hernaniko batekin ezkondu zen, eta Frantziara joan ziren bizitzera, Fleurance Gers herrira. Semeak bi urte zituenean bueltatu ziren, eta Arditurriko ostatua hartu zuten. Meategiko langileak izaten ziren bertan jaten eta lotan. Pikoketako tabernan ere aritu izan da lanean.

Oiartzabal Etxeberria, Inaxi

1929/07/31 - Ugaldetxo

Inaxi, Zamora baserrian jaioa da. Nortasun handiko emakumea dugu Inaxi, baserrian gogor hazia eta hezia. Bizimodu gogorra eduki badu ere, edo horrexegatik beragatik, gaur egungo aldaketa gehienak ongi hartzen ditu: eliza kontuak direla, emakumearen egoera dela... hitza bere tresna dela erakutsi digu; neurriko esaera eta hitzak jartzen dizkio azalpen bakoitzari.

Oiarzabal Arozena, Joxe Juan

1947/01/26 - Oiartzun

Oiartzungo Gorrinzulo Zahar baserrian jaio zen Joxe Juan, 1947ko urtarrilaren 26an; Gurutze auzoa eta Pikoketa artean zen Gorrinzulo Zahar. Hamar senide izan ziren. Igeltsero izan da Joxe Juan ofizioz, eta artzain afizioz. Gehiago edo gutxiago, beti izan ditu ardiak etxean. Hondarribiko Jaizubia auzoko Gebaralarre baserriko Pepi Aginagalderekin ezkondu zen, eta Irungo Olaberria auzoan bizi dira ordutik. Joxe Juanek beti izan du lotura handia herri-kirolekin; sega munduarekin, batik bat. Desafioren bat edo beste jokatutakoa da, eta Irungo Iñaki Bengoetxea segalariak laguntzaile izan zuen Joxe Juan urtetan; lagun handiak dira biak. Bertsozalea da Joxe Juan, eta Txingudiko Bertso Eskolan aritzen da. Bertsotarako lagun arteko jarduna nahiago badu ere, jende aurrean behin baino gehiagotan aritutakoa da.

Pagadizabal Artola, Frantxiska

1931/03/05 - Ergoien

Frantxiska Ergoiengo Txarondo baserrian jaio eta hazia da. Ezkondu zen arte, baserriko eta etxeko lanak egiteaz gain, ilobak ere hazi zituen. 30 iloba ditu eta arrunt maiteak ditu, eta baita ilobek bera ere. Txarondon esku onekoak ziren gehienak: josten, arotz lanetan... Artalde ederra edukitzen zutenez, artilearekin makina bat lan eginak dira. Beraiek egiten zuten artilea, eta bere harekin, etxeko arropa gehiena. Dagoeneko galduta edo galduxeak dauden ohiturak aski ederki ezagutu zituen Frantxiskak: artzaintza, txondorrak, karobiak, gobada, auzolana, kardakia, sanjuanak, Eguberriak, sorginkeriak... eta horiek denak, arrunt hizkera aberatsarekin kontatzen ditu, gainera.

Pagadizabal Artola, Joxe

1928/04/25 - Ergoien

Txarondon jaio eta Olatzenera ezkondua dugu Joxe. Baserritarra eta artzaina izaki, Tornola eta inguru guztia ezagutzen du lurrazaletik, eta baita lurrazpitik ere, soldaduskatik libratzeko hasi eta meategiak itxi ziren arte Arditurrin aritua baita lanean. Joxeren garaian zinka ateratzen zen gehienbat, baina erromatarrek beruna ateratzeko utzi zituzten arrastoak aski ezagunak ditu; oraindik ere harrituta gelditzen da haiek egin zuten lan guztia ikusita. Arditurriko meategiek askori ematen zioten jaten, eta, itxi zirenean, kolpe handia izan zen herrian. Garai haiek ere aski gogoan ditu Joxek.

Pikabea Artola, Arroxa

1916/08/21 - Ergoien

Arroxaren jakinduria guztia jaso eta hemen jartzeko motz gelditzen zaigu txoko hau. Berak esaten zuen moduan "bizimodu klase asko izandakoa" zen. Oso gazterik alargundu zen eta 11 seme-alaba hazi behar izan zituen berak bakarrik, eta hori gutxi balitz, kanpoko askori ere lagundu zion. Xabier Leteren hitzak ongi aplikatu zituen Arroxak: "ez dadukanak ongi ohi daki edukitzea zein den ona". Arroxak, bazekien zer zen emakumea izatea, eta, gai honetan oraindik atzean dagoen gizartearen aldean, bera oso aurreratua zebilen.

Rekalde ahizpak,

- Oiartzun

Rekalde Urdanpilleta ahizpak sasoi bateko kantuak abesteko eta kontuak esateko bildu ditugu. Aita oso kantuzalea zen, eta bi ahotsetan kantatzen erakusten zien. Ugaldetxo auzoko Garro baserrian jaioak, zortzi senide ziren, horietako zazpi neskak. Ezkerretik eskubira, Kontxita (1939), Maria Dolores (1929), Maria Luisa (1928), Maria Jexux (1934), Arantxa (1932) eta Juliana (1931).

Rekalde Urdanpilleta, Maria Luisa

1928/06/21 - Ugaldetxo

Ugaldetxo auzoko Garro baserrian jaioa. Zortzi senidetan seigarrena. Aita bertakoa zen, perratzailea, eta ama Altzibarkoa. Manuel morroia ere beraiekin bizi zen. Moja ikastetxean ibili zen. Gerra etorri zenean amonaren etxera joan ziren, eta etxea soldaduz bete zitzaien. Aita kartzelara sartu zuten, nazionalista zelako. Gerra ondoren Donostian ibili zen ikasten, Señoritas de San Vicente ikastetxean. Ahizpekin batera kanporako josten hasi zen gero. Irunera ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten. Txingudi Ikastolaren sorreran parte hartu zuen.

Retegi Elizegi, Inaxi

1925/02/11 - Iturriotz

Inaxi, Aranbiden jaio eta Aranen hazia da. Lau senideak oraindik gazteak zirela hil zitzaizkien gurasoak eta izeba batekin gelditu ziren Aranen. Baserriko lanetan ez ezik, josten ere asko aritzen zen Inaxi. Lehendabizi, Iturriotzen ikasi zuen josten, eta, gero, Errenteriara joan zen 'kortea' ikastera. Baserriko lanak egin behar izaten bazituen ere, ahal zuen guztietan kalera joaten zen. Beti gustatu izan zaio kaleko giroa eta lagun asko ere bertan egin ditu: Mari Karmen Zalakainekin ikasi zuten kantari eta koroan ere urte askoan aritu izan da.

Retegi Oiartzabal, Asier

1990/05/23 - Oiartzun

Oiartzuarra da, 1990. urteko maiatzaren 23an jaioa, eta Ingeniaritza zibila ikasitakoa; irakasle izateko masterra ere egina du. Urte askotan zehar pilotan jokatzen ibilia da Asier, eta gaur egun, haur eta gazteei pilotan jokatzen erakusten aritzen da. Bi senidetan zaharrena, oiartzuarrak ditu gurasoak. Bere hizkerarekiko kezkaren berri azaltzen du, eta adierazi, ahalegin berezia egindakoa dela Oiartzuera ongi ikasten eta lagun artean eta inguru hurbilean hitanoa sustatzen. Lagun talde edo koadrilaren aisialdian euskarak hartzen duen eremuaz eta betetzen duen funtzioaz dihardu bereziki, beste hainbat konturen artean. Julen Idarreta koadrilako lagunarekin batera elkarrizketatu genuen.

Sagardia Olano, Maitxo

1926/08/29 - Astigarraga

Maitxo Astigarragan jaioa bada ere, sei urterekin Oiartzunera etorria da. Oiartzungo kalea ongi ezagutzen du, elizaren atzean zegoen Ollokine baserrian hazia baita. Ollokinen jostundegia zuten izebek, eta makina bat neska pasatu ziren bertatik, josten ikastera. Maitxok gerra aurreko eta ondorengo Oiartzun ezagutu du, aski ederki daki gerrak zer ondorio utzi zuen herrian eta herritarrengan.