Hiztunak

Iza Artola, Joakin

1911/08/20 - Altzibar

Joakin Ugarterrotan jaio zen, beste bederatzi seniderekin batera. Altzibarko errekaren beste aiekan nahikoa haur elkartzen ziren jostatzeko, denak ere Ugarte ingurukoak: Ugartek berak, Ugarterrotak eta Ugartetolareak osatzen duten etxe-multzokoak. Gazte-gazterik hasi behar izan zuten lanean, bera eta beste bi anaia Errenteriako paper-fabrikan aritu ziren lanean. Han harrapatu zituen gerrak. Behartuta eraman zuten, eta, euskaraz hitz egiten uzten ez bazioten ere, gogoan du tenientea euskalduna zutela. Gerra eta lana gogoan bazituen ere, gustukoen gogoratzen zituenak dantza garaiak ziren: "ai ai, gue denbuk!".

Jauregi Oiartzabal, Carmen

1927/03/05 - Ergoien

Ergoien auzoko Zulatxipi baserrian jaio zen Carmen. Aita Zulatxipikoa zuen eta ama Ugaldetxokoa. Umetatik hasi zen baserriko lanetan. Aierdin ibili zen eskolan, auzoko eskolan, Doña Julia maistrarekin. Sagardo garaian kupel pare bat hustu arte sagardotegia izaten zuten Zulatxipin. Esnea eta etxeko fruta kalera eramaten zituzten saltzera. Eskola utzi eta gero Joxepa Iñaxi modistarengana joaten zen josten ikastera; bere amandrea zen. Juansendo baserriko Francisco Etxebesterekin ezkondu zen eta Juansendon jarri ziren bizitzen, senarraren etxean. Baserri hori eta inguruan zeuden beste lau gehiago bota egin zituzten Mamut eraikitzeko. Baserria espropiatu zieten eta Altzibarrera joan behar izan zuten bizitzera. Carmenek oso gogoan ditu baserri ondoko errota (Juansendoko errota) eta hango zelaietan zituzten fruta arbolak.

Landabea Lasa , Pakito

1932/08/29 - Altzibar

Oiartzungo Altzibar auzoan jaioa da Pakito. Aita Gonzalo baserrikoek jaso zuten eta bertako senar-emazteak izan zituen guraso. Ama, berriz, Karrikako Bidasoro baserrikoa zen. Lau senidetan Pakito zen zaharrena. Aitak Arditurriko minetan egiten zuen lan eta barberoa ere bazen; bi lanak tartekatzen zituen. Hamalau urterekin hasi zen lanean Pakito Altzibarko harrobian. Handik Errenteria-Oreretara joan zen lanera, eta bertan egiten ari ziren obretan pintxe modura ibili zen lanean. Gero Luzuriaga enpresara aldatu zen, eta bertan moldeatzaile ofizioa ikasi eta jubilatu arte aritu zen. Baina Pakitoren benetako afizioa txirrindularitza izan da. Gaztetan txirrindularia izan zen; bost urtez aritu zen afizionatuetan eta bi urtez profesional mailan Añorga taldearekin. Geroztik beti ibili izan da bizikletan. 1970 urte inguruan Lartaun zikloturista taldea sortu zuen beste bi kiderekin batera. Begoña Odriozola pasaitarrarekin ezkondu zen eta Errenteria-Oreretan bizi izan dira. Hiru seme-alaba izan zituzten.

Lardi Landa, Joxe Luix

1932/02/25 - Zizurkil

Ttiki-ttikitatik hasi behar izan zuen lanean Joxe Luixek. Baserri askotan ibili zen morroi. Garai haietan ikasi zuen pandero-jotzen, eta geroztik, hainbat soinularirekin bileretan eta ihoteetan ibilia da; musika non hantxe zen bera, bere pandero eta kantekin. Gerra ondoren, auzoko beste gazteekin batera, Ergoiengo jaiak eta ihoteak berreskuratze-lanetan aritu zen. Morroi eta artzain lanengatik, Oiartzungo mendi, bide eta tokiak oso ongi ezagutzen ditu.

Lasa Auzmendi, Joxe

1920/07/06 - Arragua

Beasainen jaio zen Joxe. Aita Beasaingo Olea baserrikoa zen eta ama Ataungoa. 1924an, Joxek lau urte zituela, Oiartzungo Audele baserrira aldatu zuen bizitokia familia osoak. "Duquesa de las Torres" zen baserriaren jabea; jabea hil zenean baserria hustu behar izan zuten. Eskola bat baino gehiagotan ibili zen, Mendizarren, Txaparren, mojekin eta Beheko Plazako Eskola Publikoan ere bai. Eskola utzi eta denbora gutxira soldaduskara joan behar izan zuen, eta lau urtetik gora egin zituen. Soldaduskara joaterako Errenteria-Oreretako Papeleran hasia zen lanean eta bertan aritu zen berrogei urtetik gora, jubilatu arte. Kontxi Ralla errenteriarrarekin ezkondu zen eta Arraguan jarri ziren bizitzen, bertan lur-saila erosi eta etxetxoa egina baitzuen Joxek. Artean autopista egin gabea zen eta errepide berria egin behar zutela-eta lur zati bat saldu behar izan zuten. Beti bizi izan dira berak eraikitako etxetxoan, Arraguan. Hiru alaba izan zituzten.

Lekuona Artsuaga, Enrike

1928/05/27 - Karrika

Enrike Borrondegin jaioa da. Bederatzi senideetatik bera gelditu zen baserrian, baina bizitzaren gorabeherengatik toki askotara ailegatua da Enrike. Lehenengo ikasketak Karrikako eskolan egin zituen, eta Donostiako jesuitenean eskolak jaso zituen, lanaren truke. Soldaduska Leongo meategietan egitea aukeratu zuen. Paper fabrikan mutil kozkorretatik hasi zen lanean eta industria erreformak bete-betean harrapatu zuen; Europako herri ezberdinetara joan behar izan zuen makina berriak ezagutzera. Europak eraman duen bidea hartzen ari garela dio, urte gutxitan galduko direla baserria eta garai bateko patxada.

Manterola Arrieta, Maillolli

1953/02/01 - Iturriotz

Maillolli, Iturriozko Torren jaioa eta Txokoan hazia da. Iturriozko kaleko giro hura faltan sumatzen du, eta batez ere festak. Berriz ere zer edo zer antolatzen hasteko grina erakutsi zigun.

Manterola Artola, Xeledonio

1921/02/27 - Gurutze

Aizarte baserrian jaioa, guraso biak oiartzuarrak zituen. Bost senide ziren. Arditurriko meatzeetan ibili zen lanean, eta gero baita harrobian ere. Irungo Olaberria auzoko Txirripa baserrira ezkondu zen, bertako alaba batekin. Baserriko lanetan ibili zen geroztik: segan, ganadua gobernatzen... Lau seme-alaba izan zituzten.

Mendiburu Etxeburu, Teodora

1936/11/28 - Errenteria

Altamugarri Erdikoan jaio zen Teodora, Oiartzun eta Errenteria-Orereta arteko mugaren ondoan. Baserria Errenteria-Oreretako lurretan egon arren, Oiartzun gertuago geratzen zitzaienez, Iturriotz alderako joera zuten beti. Aita auzoko Arbide baserrikoa zuen eta ama, berriz, jasotakoa zen. Aitak baserrian egiten zuen lan eta esneketariak saltzen zien esnea. Auzolanera joaten ziren ondoko baserrietara mantenu truke eta pozik, lana egitearen truke nahikoa jan eta edana ematen zietelako. Aizateko eskolan ibili zen Teodora, baina erdietan ez ziren eskolara joaten, baserrian lana izaten baitzen. Baserritik Oiartzungo Iturriotz auzora jaitsi ziren bizitzera ahizpa eta gurasoak. Oiartzungo Peluberri baserriko Inazio Etxenagusiarekin ezkondu zen eta, senarra harakina zenez, Orma izeneko harategia ireki zuten izen bereko etxepean. Oso estimatuak ziren bertan egiten zituzten odolkiak eta egin orduko saltzen zituzten. Salgai zuten haragia ere inguruko baserrietakoa izaten zen. Hogei urte inguruan izan zuten harategia. Senarra hil zenean harategia itxi zuen. Ordurako Amazkar baserria erosi eta erabat berritua zuten. Geroztik Amazkarren bizi izan da alabarekin baserriko lanak utzi gabe: ingurua txukundu, baratzea egin, oiloak eta txekorra hazi...

Mitxelena Aranguren, Santos

1931/01/03 - Arragua

Santos: Baserri askotatik pasatakoa da Santos. Arraguako Igartza baserrian jaio eta oso gazterik joan zen Gurutzeko Borrokazelaieta baserrira. Gaur egun Biok Bat etxean bizi da. Igeltseroa izaki, toki askotara iritsia da Santos. Kontrabandoan ere ibilia dugu.

Mitxelena Arbide, Bixente

1927/01/01 - Gurutze

Ama Oiartzungo Aldako baserrikoa zuen eta aita, berriz, Peluagakoa. Gurasoak Peluagara ezkondu ziren eta 9 seme-alaba izan zituzten, seigarrena da Bixente. Gerra garaian txikia bazen ere, ongi gogoratzen ditu, batez ere, Gurutzen egoten ziren soldaduak. Berrogeita bost urte bete arte baserriko lanetan aritu zen eta ondoren, Errenteriako Niessen lantokian egin zuen lan. Maria Jesus Arbelaitzekin ezkondu eta zazpi seme-alaba izan zituzten.

Mitxelena Gelbentzu, Joxemari

1925/08/15 - Arragua

Arraguako Bidagurutzeta baserrian jaioa eta hazia dugu Joxe Mari; "Birauztan". Arragua ingurua asko aldatu bada ere, berak oraindik gogoan du nolakoa zen auzoa bere mutil kozkor garaietan, eta aski ederki azaldu digu. Desagertutako baserriak, bertako baserrien jabe egin ziren kanpotar aberatsak, gerra garaian Errenteria ezin harturik zebiltzan soldaduak... aski gogoan ditu denak. Eta bertsoak. Bertsozale amorratua da Joxe Mari; anaiak erosten zituen bertsopaper guztiak buruz zekizkien, eta baita gaur egun ere. Bat-batekoan ez hainbeste, baina bertso-jartzen aritu izan da orain dela gutxi arte. Adinarekin horretarako gogoa joaten dela dio Joxe Marik, baina gaztetan umore ederrekoa zela dio, eta ez du esan beharrik, bizimoduak astinaldi gogorrak eman badizkio ere, zorionez, oraindik umore ederra ageri du eta.