Hiztunak

Galdos Arbide, Juanito

1924/05/05 - Gurutze

Juanito, Galdos tabernako seme zaharrena zen. Beti ezagutu zuten taberna etxean, Eguzkialden. Lehendabizi, zati zaharrean, eta, gero, berrian. Galdostarrak izan ziren Gurutzera berrikuntzak ekartzen lehenengoetarikoak: kamioia, irratia, telefonoa. Auzoko esne guztiak eurek biltzen zituzten, gero Donostiara eramateko.

Gaztañaga Etxeberria, Maitxo

1927/02/10 - Abaltzisketa

Maitxo, berez Abaltzisketakoa, bost urterekin familiarekin batera etorri zen Errenteriako partean dagoen Isturitzagagoikoa baserrira. Bertan jaioa ez bazen ere, bere bizitzan zehar izugarri maite izan zuen Isturitz aieka. Ttikitatik hasi zen ama eta izebarekin Errenteriako merkatu plazara joaten. Garmendira ezkondu eta gero ere, makina bat urtean jarraitu zuen barazki-salmentan. Elkarrizketa bere koinata Frantxiska Iragorrirekin batera egin genion.

Gaztelumendi Urruzola, Maritxu

1938/07/17 - Karrika

Oiartzungo Karrika auzoko Aroxkene baserrian jaio zen, 1938ko uztailaren 17an. Aroxkene baserrikoa bertakoa zuen aita, eta Errenteriako Egiburu baserrikoa ama. Ahizpa zaharragoa eta bi anaia gazteago izan ditu Maritxuk. 22 urte inguru zituela kalera joan zen bizitzera familia guztia, Karrika auzoan bertan. Eskola garaian, etxeko lanetan laguntzen eta esne partitzen ibili zen. Zerbitzari lanetan jardun zuen gaztetan, Gurutze auzoko jatetxe batean hasi eta Errenteriako Panierren, Maria Cristinan, Igeldon, Fagollagan zein Epeleko Etxeberrin ere aritzeraino. 24 urte inguru zituela, ordea, administrazio ikasketei heldu zien Maritxuk, eta ikasi bitartean, haurrekin irakasle aritzeko aukera sortu zitzaion, Errenterian lehenik, eta hazten ikusi zuen auzoan bertan gero, Oiartzungo Karrikan, hain zuzen. Karrikan kultur sustatzaile lanetan ere jardun zuen, dantza taldea eta beste hainbat kultur adierazpen bultzatuz, eta gaur egun Karrikan den Artaso Elkartea abian jartzeko lehen pausoak eurek eman zituzten, gerora auzolanean altxatua izan bazen ere. San Migel patronatuan hasi zen lanean gero, eta  Villabonara ezkondu zen; bertan zazpi urte inguru egin eta Oiartzunera itzuli zen bizitzera, Ugaldetxo auzora, senarra eta bi semerekin. Oiartzunera itzuli eta gerra aurreko “poxpolinak” berreskuratze lanetan jardun zuen, Jon Oñatibia idazle eta txistulariak abiatutako asmoa gauzatuz. Hiru liburu ditu idatziak eta bere kontura argitaratuak: `Karrika Xabaleko aritz-ondotik´ (2004), `Poxpolinak´ (Jon Oñatibiaren oroimenez) (2004) eta `Aitona sutondoan ipuin kontari´ (2014).

Harregi Agirrezabala, Xabier

1932/01/28 - Elizalde

Ama Lazkaokoa eta aita Hazparnekoa zituen Xabierrek. Oiartzunen ezagutu zuten elkar eta bertan ezkondu ziren. Gaztea zen oraindik gerran aita eraman zutenean. Amak ezin sei seme-alabak mantendu, eta familiakoen artean banatu zituen, aita desterrutik etorri eta berriro elkartu ziren arte. Xabierrek hasieran ez zuen gustukoa barbero ofizioa, baina aitak bere lanbidea jarraitzea nahi zuen, eta behartuta sentitu zen. Gaur egun ez dauka damurik, azkeneko urteak oso gustura egin baitzituen, eta bezeroen artean lagun asko ditu. Herritar askoren gestio eta diru kontuak eramaten lagundu du; izan ere, ez zuen eskola asko eduki baina beti izan du ikasteko gogoa, eta halaxe ikasi du: zaletasunak eta esperientziak lagunduta. Arantza ttiki bat ere badauka Xabierrek: gazteei jakinarazi nahi die euskaldunak bere eskubideen alde ez gaur egun bakarrik, aspalditik borrokatu behar izan duela.

Idarreta Cardona, Julen

1990/10/12 - Elizalde

Julen Idarreta Cardona oiartzuarra da. 1990eko urriaren 12an jaioa, Oiartzunen bizi izan da beti. Ama oiartzuarra du eta aita, aldiz, donostiarra. Hiru senidetan zaharrena da bera, eta Lizentziatura du Hezkuntza Fisikoan. Master bat bukatzen ari zen elkarrizketatu genuenean, eta judo irakasle eta entrenatzaile moduan eskolak ematen aritzen da Donostiako Amara auzoan. Judo irakasle moduan haur zein helduekin dabil Julen eta jarduera horri lotutako eta beste hainbat kontuez dihardu, Asier Retegi koadrilako lagunarekin egin genion elkarrizketan.

Iñarra Lizaratzu, Manuel

1924/04/12 - Errenteria

Manuel Zamalbideko Bidegurutzeta baserrian jaio zen (orain desagertua dago baserri hori). Gazterik hasi behar izan zuen fabrikan lanean. Hasieran, Laneran; ondoren, Pasaiako Astilleroetan; eta, azkenean, Luzuriagan aritu zen, erretiroa iritsi zitzaion arte. Lan asko egin bazituen ere, berez arotza zen Manuel. Gizaseme isila zen, baina gustura aritzen zen garai bateko kontuak kontatzen.

Iragorri Iriarte, Frantxiska

1920/01/01 - Iturriotz

Frantxiska Garmendi baserrikoa da. Batez ere gerra garaiko oroitzapenak ditu. Oroitzapen gogorrak. Bera orduan gaztea zen, eta gauza askotaz konturatzen zen. Gerra garaiak gogoratzeak ongieza sortzen dio, baina gaia aldatzen duenean, umore ederreko emakumea dugu Frantxiska.

Irastortza Artola, Inaxi

1914/08/01 - Irun

Inaxi Irungo Kateakoa zen, eta igarri egiten zitzaion hizkeran. Ureder baserrian jaio zen, eta Maldaburura ezkondu. Gizona Betelu aldekoa zuen, artzain familiakoa. Gero Maldaburu saldu egin zuten eta Altzibarrera etorri ziren. Bizitza osoan baserrian lanean aritua izaki, asko zekien gai honen gainean. Baserritik kanpora ere lan asko egin zuen: Fonda San Marcialen, Sein baserrian, esneketan... lana zer zen ongi zekien emakumea genuen Inaxi.

Irastortza Gaztelumendi, Maitxo

1929/06/14 - Ergoien

Ergoien eta Karrika goitik begiratzen dituen Zabalea baserrikoa da Maitxo, eta ongi ezagutzen ditu bi auzoak. Eskolara Aierdira joan zen. Gogoan du erdaraz jakin ez eta isilik egon behar izaten zutela, eta baita Lexoti bertsolariaren familia jatorra ere. Esne-banaketan gaztetan hasi behar izan zuen, neskame gabe gelditu zirenean. Borrondira ezkondu zenean ez zuen mira askorik egin, ordurako aski ederki zekien-eta zer zen baserriko lana.

Irastortza Mitxelena, Joxe Luix

1917/07/26 - Iturriotz

Joxe Luix, Iturriozko Larrazabal baserrian jaio zen. Baserri honek Oiartzungo kalea baino gertuago ditu Goizueta eta Arano. Ez da harritzekoa, beraz, Larrazabaltarrak aieka hartarako joera izatea. Andregaia ere Aranokoa egin zuen: Gregori. Hala ere, bai aieka batera bai bestera, oinez asko ibili behar izaten zuten; eskerrak Joxe Luixek beti gustukoa izan zuen oinez ibiltzea. Erretiratu eta gero ere makina bat sari jaso zituen ibilaldietan. Hasieran baserrirako izaki, beste senideek baino eskola gutxiago izan zuen, baina gerran zauritu ondoren lanean hasi zen eta han nabaritu zuen eskola falta. Hala ere, beharrarekin ikasi zuen eta jubilatuen etxean ere 20 urte baino gehiago aritu zen bertako kudeaketa lanak egiten.

Irazu Apezetxea, Erramun

1926/12/25 - Ergoien

Erramun Portuburuko seme gazteena zen. Tornolan maisu eskasia edukiki, ez zuen urte asko egin eskolan. Baina Erramunek berezkoa zuen ikasi nahia eta aski ederki jakin zuen bizitzaren eskolatik behar izan zuen hura bilatzen. Ttikitatik ongi ezagutu zuen baserriko ardura zer zen, baina, horrek bizitzeko adina ematen ez zuenez, kontrabandoan ere arriskatu behar izan zuen. Portuburukoek ahozko transmisioa landu dute; su bazterreko kontaketak bizirik dirau haienean.

Isasa Iartzabal, Jexux

1928/01/10 - Ugaldetxo

Jexux Igerobiaundin jaioa da (berak esaten duen bezala, "Iyerubi haundi"n). Baleione bezala ere ezagutzen dugu baserri hau. Aspalditik egiten da sagardoa bertan. Jexuxek ederki dakizki edari honen sekretu guztiak, eta aski gogoan ere bai Oiartzunen sagardotegi pila ederra zeuden garaiak ere. Bere aurrekoek kontatzen zizkiotenak eta berak gogoan dituenak kontatu dizkigu, eta, hartara, sagardotegietan egoten zen giroa ezagutu dugu. Izan ere, lehen, orain tabernetan bezala ibiltzen zen jendea sagardotegiz sagardotegi. Bertan txotxetik edaten eta basoka erosten, etxera eramateko ere etortzen zen jendea eta horretaz gain, behiarekin garlean ere banatzen zuten... Makina bat sagardo egin eta banatu da Iyerun.