Hiztunak

Berrondo Iartzabal, Luixa

1916/10/16 - Ugaldetxo

Luixa Berrondo esanda baino, jende gehiagok ezagutuko zuen emakume hau "Luixa maixtra" esanda; izan ere, oiartzuar asko izan ziren Luixaren ikasle. Maistra garaietan gogorra izanaren pena zuela esan zigun Luixak. Gogorra ez dakigu, baina ausarta eta nortasun handikoa zela ez dugu zalantzarik. Baserrian jaio zen eta gazterik gelditu zen guraso gabe. Osaba apaizak senide guztiei eman nahi izan zizkien ikasketak, eta aukera ongi aprobetxatu zuen Luisak: irakasle-ikasketak egin zituen. Gerrak onen-onenean harrapatu zuen, gazteek ohikoa duten aisialdia ahaztu eta lana egin behar izan zuen beste askok bezala, baina bere garaiko emakume batentzat pentsaezina izan zitekeena egitera ausartu zen bera: gerrak lanerako aukera kendu zionez, berak, bere kabuz, eskola ireki zuen. Ugaldetxoko eskolan 80 ikasletik gora eduki izan zituen, eta denak erne edukitzeko makina bat trikimailuz baliatuz irakatsi zien denei: hezkuntzaz gain, heziketa ere bai. Poza gaitza ematen zion, ikasle haiek, bizitzan aurrera egin zutela ikusteak.

Bikandi Aristizabal, Maitxo

1916/10/06 - Elizalde

Kaleko Putxutxoerrekan jaio eta bizi izan zen Maitxo. Toki batean baino gehiagotan lana egina zen. Hogeita bat urtean Errandonea ogi eta ardo biltegian aritu zen. Kale-kalean biziki, gerra aurrez aurre ezagutu zuen. Anaia bertan hil zitzaien, gainera. Kanoikadak, fusilamenduak, salakeriak... Hori gutxi balitz, lanean ere ez zuen batere zorte ona izan Maitxok: Altzibarko paper-fabrika erori zenean, bera han barrenean lanean harrapatu zuen.

Egimendia Aranburu, Korneli

1910/10/08 - Altzibar

Altzibarko Albisturrene etxean jaio eta bertan bizitakoa. Albisturrene etxea ez da gaur egun ezagutzen dugun Albistur taberna, baizik eta Etxeaundi eta Zamora etxeen artean dagoena. Ama eta biak bizi ziren bertan. Apopiloak zituzten, eta, horretaz gain, udaran kalera etortzen zirenen arropak garbitzen eta Altzibarko bi tabernatan ere lanean aritu zen Korneli; Soteronean eta gaur egun Albistur den tabernan. Apopiloen artean Santos Arozena txistularia zegoen; berez Lizartzakoa zen eta Karrikako harrobira etorria zen lanera. Gerora, Korneliren senarra izango zen. Senarra, semeak eta bilobak txistulariak zituen Kornelik. Txistulari asko bai inguruan, baina txistua jotzeko beta askorik ez; nahikoa lan bazuen etxean eta kanpoan.

Elizondo Lekuona, Domingo

1926/04/19 - Ergoien

Enbil Urdanpilleta, Maria Jesus

1940/03/03 - Gurutze

Maria Jesus oraindik gaztea dugu, baina, baserrian jaio eta hazia izaki, gaur egun galtzen ari den baserriaren lekukoa dugu; nekazaritza guneaz gain, instituzio eta ohitura zaharren gordailu den baserriaren lekukoa. Amonarekin eta osaba-izebekin hazi zen, eta oso ttikitatik baserriaren ardura izan zuen. Ergoienera ezkondu eta bere bizitza gehiena bertan egin badu ere, Gurutze ezin ahaztu. Aurpegia alaitzen zaio bere auzo kuttunaz galdetzen zaion bakoitzean.

Etxarte Pikabea, Jose Manuel

- Oiartzun

Jose Manuel Etxarte Pikabea oiartzuarra. Elkarrizketa egin zitzaionean 65 urte zituen.

Etxeberria Olaziregi, Joxepa

1928/08/25 - Oiartzun

Oiartzungo Larraburu baserrian, Txikierdi ondoan, jaio zen. 13 senidetan hamargarrena zen bera. Gerra zibilean aita fusilatuta hil zieten. Aitak moilan egiten zuen lan itsasontziak deskargatzen. Errenteriara ezkondu zen eta bertan lau seme-alaba izan zituen. Plazara joaten zen barazkiak hartuta eta esnea ere partitzen zuen han. Labe baserrira joan ziren bizitzera eta, azkenik, Aranon bizi da azken urteetan.

Etxebeste Etxabeguren, Kontxita

1915/10/04 - Oiartzun

Oiartzungo elizaren atzean zegoen Kinkirrinkiñenea etxean jaio zen. Aita eta ama ere oiartzuarrak zituen. Aita arotza zen eta Errenteria-Oreretako "Real Compañía Asturiana de Minas"-en egiten zuen lan. Kontxitak esaten duenez, familia pobrea zen beraiena. Zazpi senide ziren, bera ahizpetan gazteena eta mugituena, herriko gauzetan parte hartzea gustatzen zitzaiona. Gaztetan antzerkia egiten aritu zen, 36ko gerra hasi baino lehen. Euskaraz, hainbat antzezlan prestatu zituzten eta baita jendaurrean antzeztu ere, horietako zenbait emanaldi Donostiako Kursaal zaharrean. 36ko gerrak giro hura hautsi zuen. Kontxitaren anaia, Txomin Etxebeste, fusilatua izan zen. Familia abertzalekoa izaki, oso momentu gogorrak igaro zituztela kontatzen du eta horretaz hitz egitea oso zaila egiten zaio. Errenteriar batekin ezkondu zen eta Errenteria-Oreretan bizi izan dira. Bi seme-alaba izan zituzten.

Galdos Arbide, Faustino

1934/02/12 - Gurutze

Faustino, Galdos tabernako seme gazteena da. Beti ezagutu dute taberna etxean, Eguzkialden. Lehendabizi, zati zaharrean, eta, gero, berrian. Galdostarrak izan ziren Gurutzera berrikuntzak ekartzen lehenengoetarikoak: kamioia, irratia, telefonoa. Auzoko esne guztiak eurek biltzen zituzten, gero Donostiara eramateko.

Galdos Arbide, Juanito

1924/05/05 - Gurutze

Juanito, Galdos tabernako seme zaharrena zen. Beti ezagutu zuten taberna etxean, Eguzkialden. Lehendabizi, zati zaharrean, eta, gero, berrian. Galdostarrak izan ziren Gurutzera berrikuntzak ekartzen lehenengoetarikoak: kamioia, irratia, telefonoa. Auzoko esne guztiak eurek biltzen zituzten, gero Donostiara eramateko.

Gaztañaga Etxeberria, Maitxo

1927/02/10 - Abaltzisketa

Maitxo, berez Abaltzisketakoa, bost urterekin familiarekin batera etorri zen Errenteriako partean dagoen Isturitzagagoikoa baserrira. Bertan jaioa ez bazen ere, bere bizitzan zehar izugarri maite izan zuen Isturitz aieka. Ttikitatik hasi zen ama eta izebarekin Errenteriako merkatu plazara joaten. Garmendira ezkondu eta gero ere, makina bat urtean jarraitu zuen barazki-salmentan. Elkarrizketa bere koinata Frantxiska Iragorrirekin batera egin genion.

Gaztelumendi Urruzola, Maritxu

1938/07/17 - Karrika

Oiartzungo Karrika auzoko Aroxkene baserrian jaio zen, 1938ko uztailaren 17an. Aroxkene baserrikoa bertakoa zuen aita, eta Errenteriako Egiburu baserrikoa ama. Ahizpa zaharragoa eta bi anaia gazteago izan ditu Maritxuk. 22 urte inguru zituela kalera joan zen bizitzera familia guztia, Karrika auzoan bertan. Eskola garaian, etxeko lanetan laguntzen eta esne partitzen ibili zen. Zerbitzari lanetan jardun zuen gaztetan, Gurutze auzoko jatetxe batean hasi eta Errenteriako Panierren, Maria Cristinan, Igeldon, Fagollagan zein Epeleko Etxeberrin ere aritzeraino. 24 urte inguru zituela, ordea, administrazio ikasketei heldu zien Maritxuk, eta ikasi bitartean, haurrekin irakasle aritzeko aukera sortu zitzaion, Errenterian lehenik, eta hazten ikusi zuen auzoan bertan gero, Oiartzungo Karrikan, hain zuzen. Karrikan kultur sustatzaile lanetan ere jardun zuen, dantza taldea eta beste hainbat kultur adierazpen bultzatuz, eta gaur egun Karrikan den Artaso Elkartea abian jartzeko lehen pausoak eurek eman zituzten, gerora auzolanean altxatua izan bazen ere. San Migel patronatuan hasi zen lanean gero, eta  Villabonara ezkondu zen; bertan zazpi urte inguru egin eta Oiartzunera itzuli zen bizitzera, Ugaldetxo auzora, senarra eta bi semerekin. Oiartzunera itzuli eta gerra aurreko “poxpolinak” berreskuratze lanetan jardun zuen, Jon Oñatibia idazle eta txistulariak abiatutako asmoa gauzatuz. Hiru liburu ditu idatziak eta bere kontura argitaratuak: `Karrika Xabaleko aritz-ondotik´ (2004), `Poxpolinak´ (Jon Oñatibiaren oroimenez) (2004) eta `Aitona sutondoan ipuin kontari´ (2014).